Transhumantzia UNESCOren Kultur Ondare Immaterial gisa?

Transhumantziarekin lotuta hain ugariak diren praktika, ezagutza, gaitasun, elementu etnografiko, toponimo, jaialdi eta gastronomien multzoaz jabetuta eta, gainera, ingurumenarentzat eta gizartearentzat dituen onurak ikusita, Italiak, Austriak eta Greziak pentsatu dute transhumantzia aurkeztea hautagai gisa UNESCOren Kultur Ondare Immaterialaren zerrendan. Baina, zer da transhumantzia eta zergatik da hain garrantzitsua Kultur Ondare Immaterial gisa aitortzea?

Transhumantzia artzaintzan aritzeko era bat da, pertsonen eta euren abereen urtaroko migrazioan oinarritzen dena. Errepikatzen den migrazio hori aldakorra izan daiteke distantziari dagokionez eta klima baldintza desberdinak dituzten lurraldeen artean gertatzen da. Abelbideak jarraituz, transhumanteek euren abereak larre onenetara eramaten dituzte urte osoan zehar. Horrela ziurtatzen dute euren abereek ahalik eta elikadura onena jasoko dutela eta saihestu egiten du zonaldeko baliabideen gainustiapena.

Migrazioa egiteko mugimendu horiek transhumanteei eskatzen diete ondorengoen inguruan ezagutza zabala eta sakona izatea: euren abereen beharrak eta nola babestu; habitat eta klima desberdinen ezaugarriak; eta lurraren eta baliabide naturalen erabilera iraunkorra. Behar-beharrezkoa da abereekin lotura berezia izatea, izan ere transhumanteek abereak eramateaz gain, zakurrak ere eramaten baitituzte, babeserako, eta zamabereak ere bai. Gainera, transhumante izateak trebetasun praktiko ugari eskatzen ditu, horiek beharrezkoak baitira abereen eta euren ongizatea ziurtatzeko bidean dauden bitartean.

Abelbideak mende askotan zehar erabiltzearen poderioz sortu dira, eta, esate baterako, Espainiak herrialdea zeharkatzen duten abelbideen sarea kartografiatu du. Bide horien inguruan, kokaleku historiko ugari garatu dira eta baita kortak, txabolak eta gurtzeko lekuak ere. Transhumantziaren hasieran eta bukaeran jaiak eta ekintzak ospatzen dira, horren lekuko da, adibidez, Schnalstal Bailaran urtero egiten den transhumantzia.

Transhumantziak egiteko asko dauzka gizartean eta ingurumenean. Ingurumenaren ikuspegitik, forma ematen die paisaiei, baso suteei aurre hartzen laguntzen du eta igarobide ekologikoak sortzen ditu. Bioaniztasuna zaintzen eta hobetzen ekarpena egiten du eta klima aldaketaren borrokan egiteko garrantzitsua jokatzen du, baliabide naturalak era iraunkorragoan erabilita. Gizartearen eta kulturaren ikuspegitik, transhumantziak kultur nortasunak eta komunitateen arteko loturak sortzen ditu, eta kalitate handiko produktuak eskaintzen ditu, hala nola gazta, haragia, artilea eta larrua. Horien bidez, era berean, landa ekonomiei eta despopulazioaren aurkako borrokari laguntzen zaie era garrantzitsuan. Gizartearekiko eta ingurumenarekiko loturari dagokionez, LIFE Oreka Mendian proiektua dago eta horren bidez larreen kontserbazioa euren erabilera sozioekonomikoarekin era iraunkorrean orekatzeko lana egiten da.

Oro har, transhumantzia abeltzaintza intentsiboa baino jasangarriagoa da, zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak eskaini eta gizakiaren ongizatea hainbat modutan handitzen baitu. Ez da bakarrik kultur ondarea, bizitzeko era bat baita, gizakiaren eta naturaren arteko harreman jasangarriaren bitartez. Horrela denez, UNESCOren Kultur Ondare Immaterialaren zerrendan sartzea mereziko luke, zalantzarik gabe. UNESCOk 2019ko azaroan emango du argitara hautagaitzari buruzko bere azken erabakia.

Beste herrialde menditsu batzuk ere interesa dute ekimenean sartu eta transhumantziari izendapen berezi hori emateko; eta zuenak?.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

clear formPost comment